Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Galileo Nukleoa

Europaren nabigazioko satelite-multzoa operatiboa da jadanik; satelite bidezko munduko nabigazio-sistema operatiboen artean, jabetza zibileko lehena da Europakoa.

2014·02·10


GALILEO SISTEMAREN NUKLEOA ERABILTZEKO PREST

Amaitu da Galileo sistemaren orbitako balioztapena (IOV):   Europaren nabigazioko satelite-multzoa operatiboa da jadanik; satelite  bidezko munduko nabigazio-sistema operatiboen artean, jabetza zibileko lehena da Europakoa.

2011n era 2012an, lehen lau sateliteak jarri zituzten orbitan: nabigazioko zuzenketak egin ahal izateko, gutxienez lau satelite behar dira.

Hurrengo urtean, lurreko azpiegitura arian-arian osatzen eta handitzen hasi ziren munduan barrena, sateliteekin bateratzeko. Azpiegitura hori beharrezkoa zen sistemaren orbitako balioztapenaren (IOV) fase erabakigarria gainditzeko.

"IOV fasea gainditu egin behar genuen halabeharrez, frogatu behar baikenuen sistemak izango duela, behin hedatzen denean, eskatzen diogun errendimendua",  dio Sylvain Loddo-k (Galileo proiektuko lurreko zuzendaria ESA agentzian).

"Bitarteko urrats bat izan zen, eta sistemaren zati txiki bat erabili genuen horretarako, bide ona hartu genuela egiaztatu nahi baikenuen."

2013ko martxoaren 12an, Galileo sistemako espazioko eta lurreko azpiegiturek elkar hartuta jokatu zuten lehen aldiz, eta lurreko kokapen bat zehaztea lortu genuen; lorpen historiko hori ESA agentziaren Nabigazio Laborategian erdietsi genuen, ESTEC zentroaren atal teknikoan (Noordwijk, Herbereak).

Orduz geroztik, era guztietako testak egin dira Europa osoan barrena, Galileo sistema osoa frogatzeko.

Frogen emaitzak.

Zein den frogen emaitzarik garrantzitsuena? Galileo badabilela eta, gainera,  ondo dabilela. Sistema independentea da, bere burua aski duena, eta gai da posizionamenduko zuzenketak egiteko planeta osoan zehar.

Atzeman dugunaren arabera, Galilleo sistemaren frekuentzia bikoitzeko posizionamenduak zehaztasun hau du batez beste, % 95eko kasutan: 8 m posizionamendu horizontalean eta 9 m posizionamendu bertikalean. Denborazko zehaztasuna, berriz, segundo baten 10 mila milioirena du sistemak. Hala ere,  errendimendu hori hobetu egingo da oraindik gehiago, satelite gehiago jaurti eta haien lerroan lurreko estazio gehiago jarri ahala.

Bilaketa eta sorospenaren alorrean (lehendik bazegoen Cospas-Sarsat nazioarteko programan sartu da Galileo sistema), laguntza-dei simulatuen % 77  bi kilometroren barruan kokatu ziren, eta % 95 bost kilometroren barruan.

Alerta guztiak minutu eta erdian atzeman eta bidali ziren Misioaren Kontrol Zentrora; diseinuko baldintza 10 minutukoa zen.

"Behin IOV balioztapena eginda, Europak zera erakutsi du, nabigazioko nazioarteko sistema onenen  parean gaudela mundu mailan" adierazi du Didier Faivre-k (Galileo proiektuaren barruan, nabigazioko jardueren zuzendaria da ESA agentzian).